Zer dira elikadura nahasteak?

Elikadura Jokaeren Nahasteak (EJN) elikagaien irenstearen eta pisua kontrolatzeko eta gorputz irudi jakin bati eusteko obsesioaren bidez adierazten diren asaldura psikologiko larriak dira. Askotariko kausak izan ditzakete: biologikoak, psikologikoak, familiarrak nahiz soziokulturalak.

EJNek asaldura fisikoa nahiz burukoa eragin dezakete. Gaixotasun horiek sendatzeko, ezinbestekoa da diziplina anitz kontuan hartuko dituen tratamendu bat egitea, profesional espezializatuekin, gaixoa ez ezik, haren ingurunea ere kontuan hartuta (familia, bikotekidea, lagunak…)

EJN ezagunenak anorexia nerbiosoa (AN), bulimia nerbiosoa (BN) eta betekadagatiko nahastea (TA) dira, baina beste batzuk ere sar litezke gaixotasun sail honetan, hala nola, ortotexia (jaki osasungarriarekiko obsesioa) eta bigorexia (gorputza muskulutsu izatearen obsesioa).

Anorexia nerbiosoa (AN)

Gaixoak jateari uzten dio, eta gizentzeko beldur obsesiboa du.
EJN honen bereizgarriak dira nahita pisua galtzea, eta, horrekin batera, gorputz-irudi distortsionatua izatea; irudi distortsionatuak bultzatuta, gaixoek dieta murriztaileak egiten dituzte, ariketa gehiegi egiten dute, euren buruari oka eginarazten diote edo aringarriak hartzen dituzte.

Bulimia nerbiosoa (BN)

Bulimia nerbiosoaren ezaugarri psikologiko asko bat datoz anorexia nerbiosoarenekin, hala nola, itxurarekiko eta pisuarekiko neurriz gaindiko kezka. Kasu honetan, gaixoak elikagai gehiegi jaten du, eta kontrolik gabe, denbora tarte labur batean (betekada), eta, jarraian, betekada hori orekatzeko jokaera hartzen du, besteak beste, baraua, oka egitea, gehiegizko ariketa edo/eta aringarriak.

Betekadagatiko nahastea (TN)

Betekadagatiko nahastean, gaixoak kaloria asko dituzten elikagaien kantitate handia hartzen du maiz, kontrolik gabe, eta erruduntasun sentimendua izaten du. Nahaste honetan, ez da orekatzeko jokaerarik izaten. Denboran zehar iraunez gero, gizentasuna eragin dezake.

Nahaste zehaztugabeak (NZ)

Aurrez aipatutako nahasteen diagnostikorako irizpide guztiak betetzen ez dituen nahasteak; irizpide guztiak ez betetzeak ez du esan nahi, ordea, larriak ez direnik eta tratamendurik behar ez dutenik.


Hauek dira kontuan hartzeko sintoma eta ezaugarri ohikoenak:

  • Umore eta portaera aldaketak.
  • Pisua galtzea edo hartzea.
  • Otorduen ondoren erruduntasun sentimendua izatea.
  • Autoestimu apala.
  • Ariketa fisiko gehiegi egitea.
  • Nork bere buruari oka eginaraztea, eta aringarriak eta diuretikoak kontsumitzea
  • Dieta murriztaileen abusua.
  • Desnutrizioaren sintoma fisikoak: hilekoa desagertzea, idorreria, zorabioak, ilea erortzea.
  • Deskontrol eta antsietate sentipena.
  • Elikadura jokaera bitxiak: abiadura desegokian jatea, kantitateetan aldaketa handiak egitea, mahaitik altxatzea, jana ezkutatzea.
  • Gorputza ezkutatzeko arropa zabalak erabiltzea.
  • Errendimendu akademikoaren edo lan errendimenduaren gorabeherak.
  • Bakartze soziala.